Translate

lunes, 18 de febrero de 2013

Legezkoa al da etxean ikastea?

Askotan etxean ikastea legezkoa ez dela pentsatzen dugu. Baina benetan horrela da?
Berriz ere Hik Hasi aldizkariak plazaratutako erreportaiak gure zalantzei erantzuna ematen die.


Portugalen

9/79 Legeak dio gurasoak direla seme-alaben lehenengo erantzuleak, eta heziketa hori gauzatzeko hiru modu aurreikusten ditu: publikoa, pribatua eta familia (553/80 lege dekretua). Etxeko heziketaren hautua egiteko familiak tokiko hezkuntza administrazioari jakinarari behar dio eta ebaluazio probak egin behar dituzte 4, 6 eta 9 urterekin.

Britania Handian

Etxeko irakaskuntza legala da. The Education Act 1996 (England and Wales) 7. atalak zera dio: gurasoek eskolatzeko adinean dauden seme-alabei euren adinaren, gaitasunen eta abildadeen araberako heziketa eraginkorra emango diete denbora guztian, eta baita behar duten heziketa berezi guztia ere, eskolara bidaliz edota beste modu batera.


Italian

1994ko 297. lege dekretuak zera dio 110. artikuluan: gurasoek beren gain har dezakete seme-alaben (derrigorrezko) irakaskuntza. Hautu hori egiten duten gurasoek gaitasun ekonomikoa eta teknikoa dutela egiaztatu behar dute eta dagokien hezkuntza autoritateari jakinarazi behar diote urtero.

Alemanian

Etxeko irakaskuntza ilegala da. Hainbat familia auzipetuak izan dira eta isunak ezarri dizkiete. Edonola ere, etxean jarraitzeko aukera eman zitzaien.

Herbeheretan

Seme-alabei etxean irakatsi nahi baldin bazaie, hezkuntza agintariengana jo behar da baimen eske. Syntax elkartearen esanetan, eskaeren % 90 ezeztatu egiten dituzte agintariek.


EUSKAL HERRIAN

Etxean irakastea legeztatuta dago Ipar Euskal Herrian. Estatu frantziarreko 1998ko abenduaren 18ko Hezkuntza Kodeak (1882ko martxoaren 28koa aldatzen duena) jasotzen du eskubide hori.

L. 131-1 artikulua
Irakaskuntza derrigorrezkoa da sexu bietako haurrentzat, frantses zein atzerritarrentzat, 6 eta 16 urte bitartean.

L 131-2 artikulua
Derrigorrezko irakaskuntza modu hauetan eman daiteke: ikastetxe publiko edo pribatuetan, familian gurasoek edo gurasoetako batek, edo eurak aukeratutako edozein pertsonak.

L 131-5 artikulua
L 131-1 artikuluan definitutako derrigorrezko eskolaldiaren garaian dauden haurren arduradunek haurra eskola publiko edo pribatu batean matrikulatu behar dute. Edo bestela, udalari, Akademia Ikuskaritzari eta Hezkuntza Nazionaleko Zerbitzuetako Departamentuko zuzendariari jakinarazi behar zaio familian irakatsiko diotela. Kasu horretan, urtero adierazpen bat eskatuko zaie.Haurrak 6 urte betetzen dituen urteko ikasturte hasieran egin beharko da aipatutako derrigorrezko prozedura guztia, eta 16 urte bete arte ikasturte hasiera bakoitzero egin beharko da.Bizilekuz edo irakaskuntza moduz aldatuz gero, betebehar berberak jarraitu beharko dira aldaketaren ondorengo zortzi egunen buruan.

L 131-10 artikulua
Derrigorrezko eskolaldi garaian dauden eta irakaskuntza familian jasotzen duten haurrei galdetegi bat pasatzen dio dagokion udalak lehen urtetik hasita eta bi urtero. Galdetegiaren xedea da haurraren arduradunen arrazoiak jasotzea, eta egiaztatzea haurraren osasunak eta familiaren bizi baldintzak egokiak direla familian irakasteko. Galdetegiak ez du ezer esaten irakaskuntza kalitateari buruz. Emaitzak Akademia Ikuskaritzari eta Hezkuntza Nazionaleko Zerbitzuetako Departamentuko zuzendariari jakinarazi behar zaizkio.Bi urtetik behin berritu behar da.Galdetegia betetzen ez bada, departamentuko Estatuko ordezkariak bideratuko du.Familiaren adierazpenetik hiru hilabetera eta gutxienez urtean behin, ikuskariak kontrol bat eramango du aurrera. Horrela egiaztatuko da haurrak jasotzen duen irakaskuntza bat datorrela haurrak irakaskuntzarako duen eskubidearekin (L 131-1-1 artikuluan definitzen dena).Akademia ikuskariak preskribatzen duen kontrol hori haurren gurasoen etxean egingo da.Kontrola behar den garaian egiten ez bada, dagozkion zigorrak ezarriko zaizkio familiari.Kontrola aurkakoa edo kaltegarria baldin bada, ikuskariak epe bat emango dio familia egoera hobetzeko edo bere argudioak hobetzeko. Epe hori bukatutakoan beste kontrol bat egin dezake. Eta emaitzak ez badira nahikotzat hartzen, familiak berak aukeratutako zentro publiko edo pribatu batean matrikulatu beharko du haurra 15 eguneko epean. Aukeratutako ikastetxearen berri eman behar zaio udalari, berau Akademia ikuskariarekin, eskolarekin edota aukeratutako zentroarekin harremanetan jar dadin.Haurrei eskatzen zaizkien ezagutzen edukia dekretuz finkatuta dago (1999ko martxoaren 23ko 99-224 dekretua).

R 131-18 artikulua
Gurasoek, tutoreek edo arduradunek ez baldin badiote udalari jakinarazten etxean edo kontzertatu gabeko zentro batean irakatsiko diotela, isuna jarriko zaie.



Hego Euskal Herrian etxeko heziketa ez dago arautua. Espainiako Konstituzioak babesten du familiek duten askatasuna euren seme-alabak ondoen irizten duten moduan hezteko. Era berean, ordea, etxeko irakaskuntzaren inguruan ez dago araurik edo legerik. LOEk ere ez du aukera hori espresuki aitortzen. Beraz, lege aldetik hutsune bat dago.

Zenbait familia “salatuak” izan dira Gizarte Ongizate Sailetan euren seme-alabak ikastetxeetan ez eskolatzeagatik. Kasu horietan, ez eskolatzea tratu txarren edo utzikeriaren zantzutzat hartu zen. Baina “salaketa” horietako gutxi iritsi dira auzitegietara. Epaile gehienek atzera botatzen dituzte salaketak utzikeriarik ez baizik eta ohikoa baino arreta gehiago dagoela frogatutakoan. Egon diren epaiketa gehienetan sententzia familiaren aldekoa izan da. Kasurik okerrenean, gurasoei jarritako “kondena” seme-alabak ikastetxe batean eskolatzea izan da. Ez litzateke logikoa izango seme-alaben kustodia kentzea baldin eta frogatzen bada zainduta daudela. Horrelakorik ez da inoiz gertatu. Azkenaldian administrazioak ez du inolako oztoporik jartzen.Seme-alabei etxean irakasten dieten familiak legearen ondorengo artikuluetan oinarritzen dira beren eskubidea defendatzeko.

Espainiako Konstituzioa

27. artikulua, 1. atala. Denek dute heziketarako eskubidea. Irakaskuntzarako askatasuna aitortzen da.3. Botere publikoek bermatzen dute gurasoek duten eskubidea euren seme-alabak beren usteekin bat datorren formazio erlijiosoa eta morala jaso dezaten.4. Oinarrizko irakaskuntza derrigorrezkoa eta doakoa da.

10. artikulua
1. Pertsonaren duintasuna, atxikirik dituen ezin bortxatuzko eskubideak, nortasunaren garapen librea, eta legea eta gainerakoen eskubideak errespetatzea, ordena publikoaren eta bake sozialaren zutabeak dira.2. Konstituzioak oinarrizko eskubideen eta askatasunen gainean aitortzen dituen arauak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eta gai horiei buruzko nazioarteko akordioen arabera interpretatuko dira, betiere Espainiak berretsiak badira.

LOE

II. kapitulua

3. artikulua. Lehen Hezkuntzak eta Bigarren Hezkuntzak osatzen dute oinarrizko hezkuntza.

4. artikulua
1. Oinarrizko irakaskuntza derrigorrezkoa eta doakoa da pertsona guztientzat.

5. artikulua
1. Pertsona guztiek eduki behar dute aukera bizitza osoan zehar prestatzeko, hezkuntza sistemaren barruan eta kanpoan, norberaren garapen pertsonal eta profesionalerako gaitasunak, ezagutzak, abildadeak, trebetasunak eta konpetentziak hartzeko xedearekin.


EUROPAN

Giza Eskubideen Konbentzio Europarra (1952)

1. protokoloa, 2. artikulua
Inori ez zaio ukatuko heziketarako eskubidea. Heziketari eta irakaskuntzari lotutako edozein funtziotan, estatuak gurasoen eskubidea errespetatuko du heziketa eta irakaskuntza hori euren uste erlijiosoen eta filosofikoen arabera gara dadin.

Europako Konstituzioa egiteko hitzarmena
Estatu kideetako gobernuetako ordezkarien konferentzia. Brusela, 2004ko urriak 13.

II. Titulua: Oinarrizko Eskubideak eta Batasuneko herritarrak

II. artikulua-74. Heziketarako eskubidea:
1. Pertsona orok du heziketarako eskubidea, eta baita prestakuntza profesional eta etengabekorako eskubidea ere.2. Eskubide horrek bere baitan hartzen du oinarrizko irakaskuntza dohainik jasotzea.3. Lege nazionalak errespetatuz, zera errespetatzen da: ikastetxeak sortzeko askatasuna printzipio demokratikoak errespetatuz, eta gurasoek seme-alabentzat beren uste erlijioso, filosofiko eta pedagogikoekin bat datorren heziketa eta irakaskuntza bermatzeko duten eskubidea.

AEBn

Gaur egun herrialde osoan baimendua dago homeschooling-a, baina estatuen arabera, legedia aldatu egiten da. Idahon, esate baterako, ez zaie inolako mugarik jartzen etxean irakasten duten gurasoei eta ez dute euren programa herriko edo estatuko agintariei aurkeztu beharrik. Oregonen, aldiz, haurrek aldizka “pertsona neutral eta kalifikatu” batek jarritako probak egin behar dituzte. Orokorrean gurasoei ez zaie eskatzen irakaskuntzan aritzeko gaituak egotea, baina estatu gutxi batzuek goi mailako ikasketak edo formazio ikastaroren bat egina edukitzea exijitzen diete.
Estatu legeek zehazten dituzte irakaskuntza egunen kopurua eta eduki pedagogikoen ildo nagusiak. Gurasoek euren seme-alaben aurrerapenak jasota utzi behar dituzte, baina oso gutxitan eskatzen zaie “txosten” horiek erakunde ofizial batera igortzea.Ikastetxeek harrera desberdina egiten diete etxean hezitako haur horiei: batzuek irteeretan edota zenbait ikasgaitan parte hartzeko aukera ematen diete; beste batzuek, ordea, ez.Gaur egun, etxeko irakaskuntza da hezkuntza eredu pribatuen artean hedatuena AEBn.



Hik Hasi (2006). Etxeko ikaskuntza. Hik Hasi, 111.

No hay comentarios: