Translate

viernes, 15 de febrero de 2013

Etxean ikastea

Gutxitan entzuten den ikasteko alternatiba da etxean ikastearena. Baina gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari du. Baina, zer da etxean ikastea? Zein modu ezberdin daude? Zerk eragin dezake alternatiba hau hautatzeak?
Galdera hauei erantzuten duen erreportai bat Hik Hasi aldizkariak plazaratu zuen. Hurrengoa da:



"Eskolatu gabe etxean ikasten

Iraskuntza unibertsala eta derrigorrezkoaren ondoren, herrialde garatuetan beste irakaskuntza mota bat sortu da: familiek euren seme-alaben heziketa beren gain hartzea erabakitzen dute, modu arduratsuan eta etxean bertan. Eskola etxean, familian ikasi, familiako heziketa, etxeko heziketa, etxean ikasi, eskolarik gabe hezi, homeschooling, unschooling, learning otherwise... modu askotara deitzen zaio. Ez da eredu hobea edo txarragoa, beste alternatiba bat gehiago baizik. Batzuentzat egokiagoa izango da, eta beste batzuentzat ez. Izan ere, etxean irakasteak baldintza batzuk eskatzen ditu, eta horiek eduki ezean, hobe eskolara joatea. Horrez gain, legeak eta inguruak ere ez dute asko laguntzen hainbat herrialdetan.
Etxean hezteak zera esan nahi du: seme-alaben heziketaren kargu egitea modu integralean, bai ezagutzak eta abildadeak hartzeko, bai balioak eta printzipioak transmititzeko, eta beraz, funtzio horiek ez uztea inongo heziketa instituzioren esku.

Zergatik aukera hau?



Euskal Herrian gutxi dira etxean gelditzen direnak ikasten, eta gutxi horiek zenbat diren jakitea oso zaila da. Hemen ez dago inolako elkarterik; bai, ordea, estatu espainiarrean eta frantziarrean. Edonola ere, denek ez dute haietara jotzen. Batzuei ez zaie gustatzen beren burua argitara ateratzea, inguruan oraindik ere errezelo ugari sortzen baititu. Bide zaila dute, baina euren ideiak garbi dituzte. Aldaketa sakonak bizitzen ari garen unean bizi gara, eta inguruneak balioak transmititzeko zuen funtzioa galdu egin duela iruditzen zaie. Eskola, ostera, gaindituta dago curriculum hezigarria eskaintzeko beharrarekin, eta “ezkutuko curriculumeko” hezitzaileak falta dira. Gauzak horrela, eskolak ezin dituela berme guztiak eskaini uste dute, eta beraz, ez dagoela arrazoirik beste heziketa aukerak baztertzeko. “Guk, guraso eta tutore legalok, gure seme-alaben heziketaren erantzuleok, heziketa eredu batean sinesten dugu: aldakorra den munduan herritar arduratsuak izateko gaitasunak hartzeko aukera emango duen heziketa nahi dugu, gatazka pertsonalak kudeatzeko gai izan daitezela, eta gaur egun jasotzen dugun informazioa eta datu pila ulertzeko gai izan daitezela. Ez dugu uste pertsona guztiek bide beretik lortuko dutenik xede hori. Horregatik, etxean irakastea alternatiba baliagarria da gizarte heldu, plural eta benetan demokratikoan”.Bide hau hautatzen duten guztiek ez dituzte arrazoi berberak izaten, noski. Batzuek zio erlijioso edo ideologikoak izaten dituzte. Beste batzuek bide hau egokiago ikusten dute euren seme-alabek ezagutzak eta trebetasunak eskura ditzaten.


Nola irakasten dute etxean?

Irakasteko metodoak askotarikoak dira, eta gurasoen esku egoten da. Batzuek curriculum ofiziala jarraitzen dute. Beste batzuek erreferentziatzat hartzen dute berau, baina seme-alabek gai zehatz batzuekiko duten interesari ematen diote lehentasuna eta modu erakargarriagoan lantzen dute. Beste familia batzuek haurraren kuriositate naturalaz baliatzen dira eta ez dute inolako curriculum ofizialik jarraitzen." 



Hik Hasi (2006). Etxeko ikaskuntza. Hik Hasi, 111.

No hay comentarios: