Translate

sábado, 9 de marzo de 2013

Montessori pedagogia

Maria Montessorik planteatutako pedagogia hezkuntza alternatiboaren ezagunenetarikoa da. Baina, nor izan da benetan emakume hau? Zein ekarpen egin zigun?
Betiko lez, Hik Hasi aldizkariak honi buruzko informazioa ematen digu.


Maria Montessori

Psikiatra eta pedagogo italiarra, 1870an Chiaravallen jaioa. Erromako Erret Unibertsitatean 1896an diplomatua, lehen emakume sendagile bihurtu zen Italian. Ondoren, Filosofian eta Natur Zientzietan lizentziatu zen. 

Garai hartako Italiako gizarteak sexuarekiko zuen jarreraren ondorioz, ospitaletan sendagile aritzea debekatu zitzaion, eta hau izan zen adimen urritasuna zuten haurrekin lanean hasteko zioa. Ikasle hauen erantzuteko gaitasuna garatzeko asmoz eta behatzeko zuen ahalmenari esker, bere teoriaren oinarriak jartzen hasi zen. 

1907an Erroman, Casa dei banbini bere eskola sortu zuen. Bertan urteak eman zituen ikertzen. Jarduera horri esker, bere lehen liburuak idazten, hitzaldiak ematen eta mundu osoan bere teoriaren berri ematen eta garatzen ibili zen. Ameriketan, Ingalaterran, Indian eta Herbeheretan egonaldiak egin zituen. Azkenen honetan hil zen 1952an. 

Bere metodoaren ardatz nagusiak 

Maria Montessori "Eskola Berri"ko mugimenduaren barruan kokatzen ahal da. 

Bere "Pedagogia Zientifikoa"n haurraren garapenaz zein honen irakaskuntzaz pentsatzen duena biltzen du.


a) Haurraren garapena 

Haurraren garapena ez da lineala. Maila ezberdinak dauzka, sentsibilitate ezberdinez hornituak. 

-Haurtzaro txikia (0-6 urte)
-Haurtzaro handia (6-12 urte)
-Nerabezaroa (12-18 urte)
-Heldutasun gaztea (18-24 urte)

Garai sentigarri bakoitzak funtzio berri bat dakar, hala nola, ordena, hizkuntza eta mugimendua. Funtzio berri hauek era nahasian izatetik, pixkanaka, era sinple eta argi batean ezartzera pasako dira. Haurtzaro txikiari berebiziko garrantzia ematen dioJaiotzetik 6 urte bitartekoa da bizitzaren eperik garrantzitsuena . Bere metodoa epe honetarako garatu zuen bereziki. Hori dela eta, Montessori eskolak Haur Hezkuntzakoak izan dira, nahiz eta ondoren, Lehen eta Bigarren Hezkuntzara ere hedatu diren. 

Montessorik idatzi zuenez, ez zuen geniorik sortu nahi, gizakiak dauzkan ahalmenak garatzeko aukerak eman baizik. 

Horrela proposatuta6 urteko haur bat biderkaketa, zatiketa, erro karratua, munduko nazioak eta abar bereganatzeko gai da, oroimena erabili gabe . Ez ditu buruz biderkatzeko taulak edota gramatikako kontzeptuak ikasiko. Material zehatza manipulatuz lortuko du hori guztia bereganatzea.

Zergatik ikasi hain goiz hori dena? Arrazoia da 0-6 urte bitartean haurrak gauza berriak erraztasun handiz eta gogoz ikas ditzakeela, gaitasun hori gero eta txikiago izanen delarik.

b) Zentzumenen garapenaren printzipioa 

Eskua adimenaren faktorea da. Sentsualitate filosofikoak Montessori eragin zuen: zentzumenetatik pasa ez den zerbait ez dago gogoan. Ideiak zentzumenetatik datozen bezala, adimena esku jardueratik dator.

Haurrak mundua zentzumen guztiak erabiliz bereganatzen du. Objektu berri bat aztertzeko ikusi, eskuetan hartu, bota, zurrupatu eta hozkatu egingo du. 

Haurra 6 urte bitartean kontzeptu abstraktuen bidean jar daiteke, baldin eta material egokiz aritu bada.

Hauxe da eskolako materialari ematen dion garrantziaren zergatia. Bere metodoak tresneria pedagogiko berezia dakar. Haurrak ukituz, ikusiz, entzunez, dastatuz, mugituz eta usainduz ikasten duenez, zentzumen hauek guztiak era progresibo batean lantzen dituzten materialak sortu zituen. 

Erabili beharreko ardatz didaktikoa: banakako zentzumenezko pertzepzio sinpletik konposatuetara, kanpoko mundutik haurraren barnera.

c) Ikaslearen jarduera libreko printzipioa

Bizitza garapena, eboluzioa da. Garapen hori suerta dadin behar den giza baldintza askatasuna da. Bizitzan garapen harmonikoa aztoratzen duten oztopoak agertzen dira. Horiek gainditu ahal izateko haurrak aske jarduten utzi behar ditugu Eskolan ezartzen den askatasun falta, isilpean eta geldirik egon beharra gogor kritikatzen du, hala nola, diziplina lortzeko ematen diren zigorrak eta sariak . Pasibitatean ez dago askatasunik eta ezin da barneko mundua era egokian garatu. Kanpoan dagoen guztia barneratu ahal izateko "jardun" egin behar da, ukitu, egin, sentitu. Horregatik norberak ikasten du, autohezkuntza sortzen da. Montessori eskoletan garatzen den askatasuna psikologikoa da gehienbat, norberaren diziplinan oinarritua. Lan egiteko eta jarduteko askatasuna da, besteak molestatzen ez diren bitartean. Ordenak garrantzi berezia du bere metodoan, ordena fisikoak psikologikoa edukitzera ere eramanen du.

Ordena lortzeko apalak, eskegitokiak, konketa eta abar bere neurrian eduki beharko ditu haurrak.

d) Banakotasunaren printzipioa 

Bere metodoa norbanakoaren erritmoan eta jarraipenean oinarritzen da. Irakasleak haur bakoitza non aurkitzen den behatu behar du. Ez du irakatsi behar. Bakoitzaren bidea zuzendu behar du. Hori dela eta Montessorik irakasleei "zuzendari" deitzen zien . Autohezkuntzaren prozesuan, ikasle bakoitzak, materialekin aritzean, ongi dihoanentz antzematen du, materialak autozuzentzaileak direlako eta beraz, akatsen edo asmatutakoen berri ematen dute. Irakasleak prozesu horretan zuzenduko du, berarentzat egokiak diren materialak eskainiz.

Haurra bere erritmoan uzten dugularik, ez du inoiz porrot egiten .

Bestalde, haurrek, beraien artean ere ikasten dute. Hori dela eta dottoressak talde heterogeneotan aritzea proposatzen du . Adin ezberdinetako haurrak gela berean egoterakoan, besteekiko eta ikastearekiko estimulazioa handitzen da. Handiek irakasten ahal dute oso era egokian eta txikiak handien ereduaz probesten dira. 

Bere materialak 

Bere materialak zentzumenen lanketatik abiatzen dira. Gela batean hainbat gauza ikus daitezke: dorreak egiteko neurri ezberdinetako blokeak, usaimena lantzeko ontziak, ukimenaz bereizteko piezak, soinuak egiteko txilinak, esku trebetasuna lantzeko lokarriak, lijazko letrak, fonogramak, pote termikoak, geometria lantzeko pieza ezberdinak, aritmetikarako hamarrekoak, puzzle antzeko atlasak...

Material bakoitzak ezaugarri bat lantzen du, hala nola, kolorea, pisua, forma, ehundura, luzera, hotsa, usaina. Ezaugarri hauek isolatuak agertzen dira, hau da, koloreak landu nahi badira, koloretan bakarrik ezberdinak diren objektuak ikusiko dituzte, tamaina, forma eta abarretan berdinak direlarik. 

Hasieran kontraste handiz eskainiko dira ezaugarri horiek, hala nola, gorria eta urdina. Hauek bereizten joan ahala, urdin ezberdin guztiak bereizten hasiko da.

Halaber, ezagupen kognitibo berria egiterakoan, ahalik eta zentzumen gehienak erabili beharko dira. Letrak ikasten ari direlarik, idatzita ikusiko dituzte, nola ahoskatzen diren entzunen dute, lijazko letra ukituko dute...

Materiala, orobat, graduatua da. Ezaugarri horiek menderatzen diren arabera, beste kualitate batzuk lantzeko erabiliak izanen dira. Adibidez, letrak ikasten hasten direnean, gorriz kontsonanteak eta urdinez bokalak paratuak izanen dira.

Bada interesgarria den beste material bat: bizitza praktikorako kutxak. Hauen garrantzia haurrek imitatzeko duten joeran datza. Sinpleak diruditen arren, berebiziko garrantzia dute Montessoriren metodoan. Kutxa horietan hainbat gauza aurki ditzakegu: botoiak, kremailerak, korapiloak egiteko lokarriak, zapateei emateko betuna eta abar. Gurasoei, halaber, etxeko zeregin horietan autonomia ematea aholkatzen zaie: arraska egin, pitxerretik ura bota, jantzi eta erantzi...

Materiala hiru taldetan banatzen da gela barruan: bizitzarako materiala (3/4 urtekoentzat); zentzumenak lantzekoa (gelako guztiek) eta material akademikoa irakurketa, idazketa, natura, geografia, gramatika eta abarrerako (haurrak gai hauek lantzeko prestatuak dauden arabera erabiltzeko).

Dena hartzeko, ukitzeko, usaintzeko, entzuteko, ikusteko prest dago.



López-Goñi, I.  (1999). MONTESSORI, Maria. Hik Hasi, 41.

No hay comentarios: